Berriak

Etxeko zenberaren sasoina da !

Ardi esnearekin egiten da etxeko zenbera (zemerona) eta esneki freskoa, naturala eta arina da.

Ossau Irati ardi gasna egin eta, gelditzen den gaxurarekin egiten da etxeko zenbera. Esne sasoinean eta kantitate ttipietan ekoizten da etxaldetan, abendutik uztaila arte.

Etxeko zenbera hutsa, kafearekin edo sukratua (eztia, erreximenta, fruitu bahakiarekin...) edo jaki gazietan (pintxo, pastak, tartak) sukaldatzen ahal da.

Etxeko zenbera hameka maneraz prezia dezakezu, bi errezeta hauek baliatuz adibidez.

 

Zenbera eta xingarrarekilako pintxoak.

Sei lagunentzat : 200 g etxeko zenbera, 6 xingar xerra, 12 ogi xerra, baratxuri zizter bat, oliba olioa, gatza eta biperra, xarpota freskoa.

Baratxuri xisterra bitan pikatuta, ogi xerrak torratu baratxuriarekin. Ogi xerrak labearen grilaren pean jarri. Arte hortan, ontzi batean xarpota, gatza, biperra eta oliba olioa etxeko zenberarekin nahasi.

Ogi xerra bakoitzean, etxeko zenbera koilaratara on bat jarri, eta gainetik xingar xafla-erdi bat eman. Zintzur bustitzean gozatuko duzun pintxoa !

Zenbera basoetan tiramisu moldean. 

Sei lagunentzat : koilara biskotxak edo especuloos biskotxak (nahiago den bezala), 600 g etxeko zenbera, 100 g sukre-errauts, banila xixterra, kikarra bat kafe azkar, koilara handi bat Armagnac (nahi bada), koilara handi bat xokolat errauts.

Ontzi batean, sukrea eta etxeko zenbera nahasi. Banila xixterra luzetasunean zabaldu, bihiak bildu eta zenberari gehitu. Ontsa nahasi.

Biskotxen erdia jarri baso ttipietan. Kafea eta Armagnac-a nahasi eta, biskotxen gainetik eman. Eta zenberaren erdia eman gainetik.

Berriz biskotxak eta kafea eman gainetik. Azkenik zenbera maila bat jarri. Freskoan atxiki oren batez bederen. Kakao errautsa azken mementuan eman, zerbitzatzeko punduan.

 

Etxeko zenbera non aurkitu ?

Ardi esne sasoinean, ardi gasna egile ainitzek zenbera egiten dute. Saltzen dute etxetik, merkatuetan, jatetxe eta saltegi ttipi batzuei.

  

 

On egin ! 


 

 

24.02.2014