Berriak

"GOZO-GOSE" janari prestatzaileak : urte bat !

Gexine THICOIPE.

Gexine THICOIPE, Amenduzeko IDOKI etxe ekoizleen ezagunen alaba da. Amenduzen sortu "GOZO-GOSE" janari prestatzaile enpresa, duela urtea.

Bakarrik IDOKI etxe ekoizpenak eta bio janaria erabiltzen duen janari prestatzaile bakarra da. Jokamolde zuzena ukan nahi du klienteen gan, ekoizpenen jatorria eta kalitatea segurtatuz. 

 

Gauza sinpleak sukaldatzea gustatzen zako, ez ditu zaporeak sobera tapatu nahi, kalitateko ekoizpena baloretan eman nahi du sinpleki. Urte batez, menu karta ederra osatu du, eta jendearen galdeari egokitzen badakiela frogatzen du.

Gexine THICOIPE, GOZO-GOSE, janari prestatzaile enpresa sortzailearekin mintzatu gira. 

Nola abiatu zinuen Gozo-Gose enpresa ?

Joan den urteko urtarrila hastapenean sortu zen enpresa, bortxazko formakuntza batzu egin eta nere aktibitatea duela urtea abiatu nuen. Esperientzia aldetik, ikasketetatik landa, bost urtez lan egin dut ostalaritzan. Beti buru gibelean ukan dut nere ostatuaren idekitzea Euskal Herrian. Abiatzekotan, iduritu zaut errexago zela janari prestatzaile bezala abiatzea. Egia erran, ontsa lan egiten du joan den udatik aperitifa eta pintxoekin, familiako bazkariekin. Irailetik goiti, klientela berria jin da aho mihiz.
Bakarrik bio eta Idoki etxe ekoizpenekin lan egiten dut kalitateko janariaren segurtamena ekartzen baitute. Ostalaritza munduan, ikusi dut nola lan egiten zuten, ez ziren beti erabiliko nituzken ekoizpenak. Ene aldetik, ez dut gezurretan ibili nahi jendearekin, jokamolde xuxen hori atxiki nahi dut.
Hatsarrean ez nuen pentsatzen halako garantia ukanen zuela jendearengan, baina jendeak joanago eta gehiago jakin nahi du nontik heldu diren ekoizpenak, noren etxen hartu dituztan.

Laborariekin zuzenean lan egiten duzu, nola antolatzen zira ?

Nihaurk biltzen ditut ekoizpenak etxaldetarat joanez xerka. Beti berdinak ditut, ene inguruko laborariekin ari niz, Idokin direnak edo barazkientzat adibidez, tokiko produktu biologikoekin.
Familiako Mantenuneia etxaldetik gasna, xerrikia ta axurkia baditut. Oilasko, ahateki, idiki, krema eta esnekiak, erreximentak, fruituak… Idokin aski produktu gama zabala bada, apairu oso baten egiteko.
Entseatzen niz ere sasoineko produktuekin lan egitea.
Ttipitik ikusi dut ene burasoek nola lan egiten zuten, lurra eta abereen errespetuz, haien heineko kantitateak eginez. Laborantxa iraunkorrari errotik atxikia niz, gure geroa bermatzen duelako.

Zer janari mota proposatzen duzu ?

Hasi nizalarik, gauza sinpleak sukaldatzen nituen, ekoizpenaren gustua ontsa atera dadin. Jendeak gehienik gustukoena zuena atxiki dut, ideia berriak frogatu ditut eta hara, emeki emeki nere karta handitu da.
Gaur egun pintxoak proposatzen ditut, hotz eta beroak, eramaiteko platerak 10 € eta 16 € artekoak, eta horietan arraina proposatzen dut, ardura legatza. Eguneko plateren formula badut eta fite jateko jakietan, saldak, entseladak eta tartak.
Menu osoak ere proposatzen ditut familiako bazkarientzat, sartzetik deserta arte. Desertak aldiz, Donapauleko Mendivé goxoki egileak egiten dauzkit.
Zerbitzu aldetik, jendeak nahi duen bezala egiten dut, jiten dira xerka etxen berotzeko, ekartzen diet etxerat berotzeko prest, batzutan jendearen etxen sukaldatzen dut eta zerbitzua egiten. Nahi den bezala da.

Gozo-Gose izena nontik heldu da ?

Ez nuen baitezpada nere izena aitzinean eman nahi. « Gose » hitzaren inguruan, hitz-joko bat atxeman nuen « Gozo-Gose » (irriak).

Zer desiratzen ahal dauzugu ondoko urterentzat ?

Lehen urteaz biziki kontent niz, orain nahi nuke lana errextu antolakuntza aldetik. Aktibitateak garatzen jarraitzen badu, lan tokiz aldatu beharko dut toki gehiago ukaiteko eta lana errexteko.
Norbait nahi nuke hartu nerekin lan egiteko, nere lan moldea ezagutzen duena.
Errezeta berriak frogatuko ditut, kalitateko ekoizpenak badira, plazer handia emaiten dautate sukaldean. Eta ez dut baztertzen egun batez jatetxe bat idekitzea. Nork daki !

09.03.2017