Berriak

Hegaztien gripa : krisiatik atera hazkuntza desegin gabe

Ekoizleak prentsaren aitzinean, Domintxinen (2017/01/17a)

Urte hatsarre hontan berriz aipatzen da hegaztien gripa :eritasunari buru egiteko, 800 000 ahate ehaitea deliberatu dute.

Hazkuntza industrialaren eginmoldeak salatzen dituzte etxe ekoizleek, hegaztien gripa azkarki zabaldu baitute, ahateak kamioetan garaiatzen dira hazkuntza batetik bestera, kilometra ainitz kurrituz. Hazkuntza intentsiboak birusa eragiten du, genetikoki ahulak diren ahateak barnetanttinki ttinki eta milaka  hazten dira. Sistima hortan laborariek duten tokia ez da errexena, jakinik krisaz krisa dabiltzatela aterabide finkorik gabe gaur egun.

Bio segurtantxa neuri berdinak inposatu badira hazle guziei, etxe ekoizleek galtegiten dute neurri horiek egokituak izan diten kanpoko hazkuntza ttipiei.

 

ELGARRIZKETA – Egoera hobeki ulertu nahian, Jean Michel Berho, Domintxineko ahate hazlea galdezkatu dugu.

 Jean Michel BERHO

Hegazti gripaz mintzatzen da berriz, zer pasatzen da ?

Hegaztien gripa betidanik bada. Naturan, basa hegaztiek birusa dakarte, baina ez dira eritzen edo arrunt guti. Baldintza bereziek dute eritasuna deklarazten.

Gaur egun, griparen birusa azkarki hedatzen da hegazti hazkuntzetan. Aurten agertu den H5N8 gripa mota oso azkarra da, jazkoa baino erahilkorra da. Birusak mutazio bat egin du eta ahateak bertan hiltzen dira.

Galdera onak pausatu behar dira : zergatik horri gertatzen da ? Hegaztien gripa eta beste hainbat eritasun garatzen dira azkarki denetan. Ber denboran, hegaztien hazkuntza azkarki industrialisatu da azken hogei urtetan.

Hazkuntzak geroago eta handiagoak dira, abereak geroago gehiago ttinkatzen dira barnetan, eritasunak lehertzeko baldintzak sortzen dira. Birusak mutazioak fiteago egiten ditu eta genetikoki ahulak diren ahateak joiten ditu.

Irabazten gehien ukaiteko asmoaren landu da ahateen genetika, leku geroago eta hertsiagoetan ahal bezain fite handi diten. Istorio hortan azkartarzüna galdü düe ahateek. Bio-aniztasuna lanjeran da. Gaur egun, hazkuntza industriak bakarrik ahate mota bat baliatzen du, bakarrik bi genetika berezle dira filiera osoarentzat.

Hegaztien gripa mundu osoan bada, haatik desmasia handiak egiten ditu hemen ahateen hazkuntza molde industriala azkarki garatu baita gure herrietan. Ez da ezinbestekoa, gertatzen dena gure zigorra da. Aspalditik erraiten dugun bezala, kanpoko hazkuntza ttipiak bultzatu dira eta egoera jasangarri batetara itzuliko gira bertan.

Hegaztien gripa ez da sekulan hain fite hedatu.

Lehen urrats batean, basa hegaztiei ogena eman da. Zentzurik ez du. Gripa mota honek txoria hor berean hilik uzten du. Ehundaka kilometrotan diren etxaldean ezin dira manera horrez kozatu. Ez da posible. 

Ahate gizenaren filieraren etapak ainitz zatituak dira, hazkuntzako etapa desbardinak (berezleak, hazleak, galkatzaileak, ehaileak) toki desbardinetan egiten dira. Etapa bakoitzarentzat, ahateak kamioz garraiatzen dira hazkuntza batetik bestera, zorroztasun neurririk gabe (sanotasun gutiena, lau aizetara ideki kamionak, kaiolak ez garbituak,…)

Gripa epidemia Tarn eskualdetik abiatu da : kozatua zen etxalde baten auzoak 7000 ahate partiarazi ditu beste lekuetara. Eritasuna hiru departamenduetara hedatu da laster. Inkasean  sano ziren 800 000 ahateren ehaitea debaldetan egin da. Eritasuna mendebaldera hedatzen da Landesetara, hazkuntza eremu handiena den Chalosse eskualdea laster honkituko du. Autoritateen aldetik panika larria da. Eritasunaren hedadura lazgarri lotsagarria da, kamioek kurritzen dituzten ehundako kilometoren heineko egoera da. Ahate hazkuntza filiearen industrializatzeak taigabe sanotasun krisia larriak ekarriko ditu.

Zein dira ondorioak gaur egun ?

Gaixo laborariak, hazkurri industriarentzat lan egiten duten laborariak diren gehien kaltetuak gaur egun, sofritzen dute, prezioak apal mantenduak dira, manatzaileen erabakien menpe dira.

Jaz ahate hazle guziak kaltetu dira lehen hegazti gripak. Gure etxaldeak ahatez hutsen behar izan genituen denek, gutienez 3 hilabeteko sanotasun hutsa egiteko. Bederen %25 diru galtzea eragin zuen aktibitate gelditze horrek, hitzemanak izan zauzkun diru laguntzak ez ditugu denak eskuratuak (%30a heltzekoa da).

Egoera zaila izanagatik, hazleek inbertsio azkarrak egin behar izan dituzte bio-segurtantxa neurri berriak aplikatzeko. Diru gehiago inbertitu behar da istorio hortan, krisiatik ateratzeko segurtamenik ez delarik.

Gaur egun, erremediotzat hartzen dugu krisian sarrazi gituen sistema. 

Segurtantxa neurriengatik,ahateak eta oiloak barnen atxiki behar dira, hegaztiak barnetan ttinki ttinki atxikitzeagatik direlarik eritasunak sordeitzen. Industrialek krisia baliatu dute haien sistema inposatzeko. Krisia honen sortzaileen ardurak argitan eman behar dira.
.

Nola atera daiteke krisiatik ?

Gaur egun, bio segurtantxa neurriengatik hegaztiak barnetan atxikitzea ez doa gure hazteko moldekin. Kanpoko hazkuntza ttipiak ditugu. Bertako eta ohizko ahate arrazekin lan egitea bultzatu nahi du. Ez hain emankorrak izanik ere, azkarragoak dira eta hobeki ihardokitzen dute. Gure hazkuntzak naturalki sano eta sendoak dira.

Ahateak lehen egunetik etxaldean handitzen direnez, garraio guti baliatzen dugu eta kozatze arriskuak ttipitzen dira.

Bio segurtantxa neurriak aztertzen badira, hazkuntza industrialaren ber neurri zorrotzak ukaitea ez da onargarria. Kanpoan hazi 250 oilo eta barne batean hazi 3000 oilaskoen artean, ez da ber sanotasun egoera, ez da ber arriskua.

Etxe ekoizle gehienek hainbat sanotasun neurri betetzen dituzte jadanik, hazkuntzaren sanotasuna segurtatzen dutena. Bio segurtantxa neurria gure egoerari egokituak izan diten galdegiten dugu.

Maleruski gure eginmoldeak ez dira kondutan hartuak, legez kanpo gira. Ongi lan egiten duten laborariek ez dute krisia pariatu behar.

Azken hitza

Aterabideak badira, bakoitzak bere heinean zerbait egin dezake. Eroste poderea du kontsumitzaileak. Taigabeko krisialdiak gelditzeko, agro-industriaren ekoizpenak boikotatu behar dira, tokiko etxe ekoizleak sustengatu behar dira.

Haragia jaten ahal da, eritasuna ez da gizakiari pasatzen. Etxe ekoizleei konfidantxa egin behar da, hainbat urtetan bere probak egin ditu, aterabidea gure eskutan da.

Ardura beteko erosketak egin ditzagun !

 

Gehiago irakurri nahiz, Jean-Michel BERHOk, Mediabask astekarian idatzi Gutun idekia irakur dezakezu  (19/01/2017).

21.01.2017