Berriak

SARAn, Henri Amestoy sukaldariak salda hoberenaren lehiaketaren partaidea da. cours de la meilleure soupe

Henri Amestoy sukaldaria jokoan sartu da salda zinez preziagarria prestatuz,  Maider Azarete baratzezainak goizean bildu barazki biologikoekin.

Sasoineko barazki sanoetatik abiatuz salda on bat nola egin zehaztu du Henri Amestoy-k, aholkuak kartsuki behatu ditu jendeak emaitzak dastatu aintzin.

Tupiña eztiki burbuka entzutearekin, bakoitzak ama edo amatxiren eltzekaria eztiki berotzen entzuten zuen, oroitzapen goxoak gogora ekarriz Ihitia etxaldeko sukalde ttipi hortan. 

Lehen saria antolatzaileen eskutara emanez, sukaldatzea maite duen jendea salda hoberenaren lehiaketan parte hartzea animatu du Henri Amestoy-k. 

Ortzaizeko La Ferme Gourmande Jatetxera gomitatuko ditu irabazleak, dastatze bazkaria bi jendeentzat eskaintzen baitu Henri Amestoy-k. 

Parte hartzeko arrazoin ona da dudarik gabe ! 

Hiru galdera Henri Amestoyri...

Gehienik gustatzen zauzun salda zein da ?

Baratzeki salda dudarik gabe ! Hotz denean preziatzen dena, aza, pastanagre eta porruekin sinpleki, xingar mutur bat edo gurinezko ahateki lepo batekin. Biharamunean berotzen duzunean, hobea baizik ez da. Xehatua, haurrek ere preziatzen dute !

Tokiko ekoizlekin lan egiten duzu, nolaz ?

Ttipitan, artzain izan nahi nuen aita bezala. Azkenean amaren kazolak hautatu ditut. Laborantza eta sukaldaritzaren arteko zubia aski naturalki egiten ditut.

Betidanik tokiko ekoizleekin lan egin dut. La Ferme Gourmande jatetxea hartu dutanean, ekoizleen gana joaiteko denbora hartu dut. Atsulutoki ikusi nahi nituenak baziren, haiekin mintzatzea beharrezko dut, ekoizpena bezain inportanta da sortzen den harremana. Euskal Herrian etxe ekoizle ttipi frango bada, xantza dugu. Batetik bestera, emeki emeki zabaldu da ekoizleen sarea. Aurten adibidez kiwaï fruitua deskubritu dut. Sukaldean platera berriak asmatzen ditut, menuak ardura aldatzea gustukoa dute klientek.

Bakarrik sasoineko ekoizpenak lantzen ditut. Jatetxean, tomateak mahainean jarriko ditut uztailetik goiti urria ondarra arte. Armendaritzen bizi nizanez, herriko baratzezaina hurbil dugu, baratzeki freskoak hartzen ahal ditu egunero beharrez.

Ardura laborariek jatetxera ekartzen dizkidate ekoizpenak, hurnitua izateko ez da arrazorik. Janariaren %95a lekuko enpresa eta laborariei erosten diegu. 

Mezu bat laborariei ?

Haiekin lan egiteaz pozten naiz. Kalitate urratsetan engaiatzen direnean, lan molde arduratsuak hartzen dituzte. Haien ekoizpenak agertzeko harro egon bite ! Nik aitzina plazerra hartuko dut sukaldatzen, gostua duten platerak eskaintzeko. Elkarlanari esker, esperantxa dut gure ofizioak egiten jarraitzen ahalko dugula luzaz jendeari memento goxoak eskaintzeko. 

Azken hitza salda lehiaketako parte hartzailei ?

Etxe ekoizpen frango gostudunak ditugu gure auzoan eta salda hoberenaren lehiaketa ideia frango pollita kausitzen dut, ideia horri biziarazi behar da parte hartuz. Lehiaketa egunean, saldea guziak desbardinak izanen dira, barazkien arteko ekilibrioa atxeman behar du bakoitzak. Esperantxa dut memento goxo bat pasatuko dugula Saran !

08.12.2014