Berriak

ITSASU : gerezien denbora !

Itsasuko gereziaren salmenta bide bazterran (Arg. Xapata elkartea).

Ekaineko lehen igandearekin egiten da gerezi besta Itsasun !

Urterekin, lekuko gerezia geroago eta gutiago ikusten zenez, antolatzaileek aldaketa nagusia ekartzen dute aurten, Itsasuko gerezi ekoizleen lanari esker.

Itsasuko gerezia lantzen duten laborariak XAPATA elkartean biltzen dira, lekuko hiru gerezi-motei balore gehiago emaiteko.

"Xapata", Itsasuko gerezi-mota bata da. "Peloa" gerezi goixtiarra da eta azkenik heldu da "Beltxa".

 

Maryse CACHENAUT-ri hiru galdera...

Maryse Cachenaut, Itsasuko gerezi egilea

Zein testuingurutan sortu da XAPATA, Itsasuko gerezi egileen elkartea ?

Denboran 1960 urtea arte, merkatu bat bazen Itsasun. Akize eta Baionako erosleak heldu ziren gerezia erostera. Itsasu eta inguruko jendea jausten zen gerezia saltzera, zinez balio zuzena zuen gereziak.

Geroztik etxaldeak aldatu dira eta jendeak gerezi biltzea utzi du. Lekuko gerezi-mota batzu kasik desagertu ziren. Merkatua ttipitu da eta kanpoko gerezia sararazi zen.

XAPATA elkartea 1994an sortu zuten ekoizleek. Lehen helburua zen gerezia berriz landatzea Itsasun. Lekuko hiru mota berriz landatu dira : Peloa goixtiarra, Xapata eta Beltxa.

2008 urtean, gerezi kontserbatorioa sortu dugu. Herriko etxeak lurra erosita, elkarteak ehun bat gerezi ondo landatu ditu, tokikoak baita ere Itsasun atxemaiten ziren beste gerezi motak (Napoleon, bigarreau). Kontserbatorioan,  hamar minutako ibilbidea antolatu genuen gereziaren historia jendeari azaltzeko.

Le conservatoire de la cerise d'Itxassou (Photo. Ass. Xapata) 

Luzaz bakarrik hamabi kide egon gira elkartean. Azkenik kide berriak eta gazteagoak sartu dira Bidarrai, Ezpeleta, Makea eta Lekorne aldetik.

Itsasuko gereziaren sormarkaren ardiesteko urratsak zertan dira ?

Lurralde bat eta mota bereziak ditugunez, sormarkari buruz joan nahi dugu gure ekoizpenari oiartzun gehiago emaiteko.

INAOko jendearekin lan egiten dugu urte et’erdi hontan. Dozierra aztertzea onartu dute eta teknikalari bat izendatu, keinu baikorra dira baina badakigu bidea luze izanen dela. Gutienez hamar bat urte kondatu beharko da, sormarka ardietsi aitzin.

Sormarkaren babesarekin, esperantxa dugu inbeia eta kuraia gehiago emanen duela tokiko laborariei gerezia lantzeko. Merkatua ona denean, gerezia biltzera motibatzen du jendea.

Gaur egun, Itsasuko herrian 12 tona gerezi biltzen dira. Salmenta aldetik, lekuko epizeria batzuek gerezia galdegiten daukute. Elkarteak salmahai amankomuna jartzen du bide bazterrean.

Cerise d'Itxassou : Peloa (photo Ass. Xapata) Cerise d'Itxassou : Xapata (photo Ass. Xapata) Cerise d'Itxassou : Beltxa (Photo. Ass. Xapata)

Gerezia gozatzen da freskoan ekainean eta erreximentetan urte osoan. 

Itsasuko gereziak zer leku du zure etxaldean ?

1995an plantatu nizanean, Xapata elkartean sartu naiz. Etxaldean aitak landatu pelloa gerezi-ondoak bazira eta xapata mota ere bestalde. Haatik beltxa ez zen gehiago.

Ehun bat gerezi-ondo landatu genituen etxe gibelean, leku aski xabal eta lehorrean, haizearen gerizan. Geroztik bidearen beste aldian, beste berrogeitahamar gerezi-ondo landatu ditugu pixkanaka pixkanaka.

Aurten, Peloa gerezi-mota goixtiarrak ainitz eman du, Beltxa bada baina usaian baino gutiago, Xapata aldiz guti dugu. Loratze-aro desbardinak dituzte eta aroari ez dute denek bardin ihardokitzen. Urtero, tona bat gerezi biltzen dugu.

Gereziaren bestan parte hartzen ote duzue ?

Gereziaren besta ekaineko lehen igandearekin izanki, ez zen beti Itsasuko gerezia kausitzen ahal eta kanpotik sararazten zen gerezia.

Aurten, gerezien jatorria segurtatu nahiz, aldaketa handia ekarri dute antolatzaileek.

Gerezien bestan, Itsasuko gerezia aurkituko da salmahainetan eta bakarrik kalitate agintza batean engaiatuak diren laborariak dira gomit.

Aski gerezi izanen dela segurtatzeko, Iruñea aldeko gerezi-ekoizleak ere hor izanen dira.

 “Itsasuko gerezia” edo “Cerise d’Itxassou” zigilua duten ekoizpenek bakarrik segurtatzen dute gerezien jatorria. 

Itsasuko gereziaz, gehiago jakiteko : http://blog.cerise-itxassou.com/

02.06.2015
Gehiago jakin >
Idoki-itsasuko-gerezia.pdf (1.2 MB)