Berriak

ELURTI gasna berriak

Azkarateko Nathalie SUZANNE eta Beñat EYHERABIDE, IDOKI kalitate agintza pean sartu berriak dira.

Ardi esnearekilan egin gasna eta esnekiak egiten dituzte : Ossau Irati sormarkako ardi gasna (ondua) eta gasna pikorrak (freskoak, idorrak), gasna xuria eta zemerona egiten dute.

Salmenta zuzena egiten dute lehenik ekoizpenak, etxetik, Donibane Garaziko merkatuan eta KAIKU BORDA laborari saltegian salduz.

 

 

ELURTI etxaldeko Nathalie SUZANNEkin mintzatu gira... 

Egun on, zure etxaldea aurkezten ahal daukuzu ?

Beñat familiako etxaldean plantatu zen 2008 urtean ardi buru beltzekin eta mahastiarekin. 8 hektara mahasti eramaiten ditu terrazetan, langile baten laguntzarekin sei hilabetez. Mahatsa Irulegiko sotoari saltzen dugu, Irulegiko sormarkaren pean arnotzen du.

Nere aldetik, laborantxan plantatzeko ideiaren lantzen hasi naiz 2012-2013 urtean, etxaldeko ekoizpenak bururaino eramaitea gogoa nuen.

 ARRAPITZ federazioan nuen animatzaile lana 2015 urtean utzi dut, proiektu hau eramaiteko. Laborari gisa planatu naiz 2016ko martxoan, Beñat-ekin patzuergoan jarriz etxaldean.

 

Laborantxan plantatzeko proiektu bat nola eramaiten da ?

Laborantxan plantatzen behar den BPREA formakuntza etxetik segitu dut 2013 urtean, Lannemezaneko CFPPA ikastetxearen bidez.

Lana utzita, formatu nahi izan dut. Euskal Herriko etxe ekoizleen elkarteak antolatutako formakuntza teknikak jarraitu ditu, esnekiak egiten ikasteko. Aurillac-eko formakuntza zentrora joan niz ere, egin nahi nituen ekoizpenak hobeki lantzeko, laktikoak bereziki. Anita Duhau ahuntz hazlearen etxen ibili naiz ere, esnean den floraren orekaz ainitz ikasi dut. Ondotik gasnategi ebilkor bat prestatu daukutenez, gasna egiten trebatu naiz bi hilabetez. Larrazkenean, gasnategi eta gazitegi bat eraiki dugu etxen. Esne sasoina hastearekin, hasi gira gure lehen gasnak egiten joan den abenduan.

Zer ekoizpen egiten duzue ?

Ossau Irati sormarkako ardi gasna egiten dugu esne gordinarekin, baita ere hainbat esneki fresko batzu, beti ere ardi esnearekin  : gasna pikorrak, gasna xuria eta zemerona.

Saltzen ditugu etxetik eta Ortzaizeko herrixkan den KAIKU BORDA saltegian. Kremeria eta jatetxe batzu libratzen ditugu. Eta Donibane Garaziko merkatua heldu den astean hasten dut.

Laborari taldeak, ekoizpenak balorizatzeko proiektuak eramaiten lagundu dituzu hainbat urtez, aldi hontan, holako proiektu bat zihaurk eramaitea, zer diozu ?

Aitamak ez dira laborariak, aitatxi aldiz bai. ARRAPITZ federazioan lan egiten nuelarik, animatzaile gisa laborari ainitz ezagutzeko parada ukan dut, haien etxaldetan ibili naiz, haien ibilbidea ezagutu dut, ainitzetan ohartu naiz ofizio horri maite dutela. Dinamika horri ikusten denean, gogoa kilikatzen du, ez da dudarik.
Xantzaz, etxaldea banuen. Proiektua eraman ahal izan dut nere bizilagunaren etxaldean. Lehenik, proiektua lantzeko denbora hartu behar da bena memento batean abiatu behar da.

Eguneroko lanean, elgarrekin lan egiten ikasten duzu, egunak luze dira eta gauak labur memento hontan. Paper gainean, helburu batzu baditugu, inbertsioak ahal bezain bat mugatu behar ditugu ere, bi hilabete sari beharko ditugu ateratu noizbait. Egunez egun ibiltzen gira gaur egun. Lehentasuna, gasna onak egitea da, aldian kantitate ttipiak eginez. Jendeen ohar baikorrak entzuten direnean, plazer egiten dut, goizetan jeikitzen laguntzen du, aitzina joaiteko.

IDOKI kalitate agintzan sartu zirezte berriki…

Talde batean parte hartzeak gustatzen zaigu. IDOKI defenditzen dituen baloreekin bat egiten dugu. Komunikazioaren bidez, kalitate etxe ekoizpenak ezagutarazteko bidea emaiten du.

Beste laborarien ganik harrera ona ukan dugu, elgar-laguntza senditu dugu, talde ispiritua ere atxeman dugu KAIKU BORDA saltegiko laborarien artean.

ELURTI izeneko gasnak saltzen dituzte Nathalie eta Beñat-ek. Mahastien alde gainean den mendixkaren izena da ELURTI ; izigarriko bista ederra da hortik.

ELURTI etxaldearen berri har dezakezu sare zozialetan : https://www.facebook.com/ferme.elurti/

16.02.2017