Berriak

Mantenunia etxaldeak 30 urte ospatu ditu

Ttele Leizagoien eta Arño Thicoipe, Amenduzeko Mantenunian plantatu dira duela 30 urte. IDOKI kalitate agintzaren 25 urteak ere ospatu dituzte ber egunean. 

Amikuzeko bi laborariak aspalditik inplikatuak dira Euskal Herriko Etx Ekoizleen Elkartearen bizian "Etxe ekoizpengintza eta IDOKIri esker dugu gure parioa irabazi" dio Ttele Leizagoien-ek. Naturalki dira bi ospakizunak juntatu besta egun hortan.

 

Mantenunian : irabazi arte !

Arñoren burasoak etxetiarrak ziren Mantenunia etxaldean.

1988 urtean, Ttele LEIZAGOIEN eta Arño THICOIPE bizilagunek Mantenunia etxaldea bere 20 hektarekin erosi zuten. Laborantxan hartzeko molde zuzen baten alde ziren biak, etxaldean ziren ardi esnadunekin plantatu ziren. Ttele-k ere bere ardi buru beltzak bazituen, atzain soila egona baita zazpi urtez Amikuzen finkatu aitzin.

Etxaldearen erosketari buru egiteko (550 000 libera 1998 urtean) eta biak laborantxaz bizitzeko, ardi esne egitea ez zen aski. Arto hazitako hiru hektarak urte bat berantago utzi zuten, Label gorrian egiten zen urde hazkuntza epe labur batean egin dute : "ekoizten genuena ez genuen jaten, ez genuen laborantxa mota horri jasaiten ahal" dio Ttele Leizagoien. 

Azkenean, bere alde plantatzea erabaki zuten, ardi gasna egiten hasiz. Horrat arte, esnea CLPB kooperatibari ekartzen zutenez, borroka kolektibo batean murgilduak ziren gasnategia berriz Euskal Herrirat ekartzeko. Talde lanaren ispiritua atxeman zuten IDOKI kalitate agintza hartuz, hau bost urte lehenago sortu zuten laborariek. "IDOKI betebeharrak betetzen genituen jadanik, esnea gasnatzen hasi ginen etxe ekoizle gisa".

Mantenunian, ardi buru gorri eta beltzak badira. Bildotsak bi urtetan egiten dituzte. Alha dute bazka gisa ardiek. Meteil bihi nahasketa egiten dute ere. 2012 urteko laborantxa biologikoan dira. Ardiak eskuz deisten dituzte eta gasna egun guziz egiten dute.

Iraganari so, Ttele Leizagoien pozten da egindako bideaz :

"etxaldea erostearekin, lehen urteak latzak izan ziren, beharrik ez du sobera iraun. Nere kasuan izigarri ona atxemaiten dutana da, tematuz, xantza ukan dutala bizitzeko nahi nuen bezala, pentsatzen nuena obratuz. Horrela erreusitu dut bizitzea, familia haztea eta etxaldea pagatzea. Nahikoa da, biziki kontent naiz lorturik". 

Militante bizia 

Etxaldeko lanak utzirik, Arño eta Ttelek, denbora ainitz eman dute militantzian "Etxaldetik kanpo pasatzen duzun denbora ez da sekulan debaldetan. Beti pentsatu dugu, aitzinatu nahi bada, behar da engaiatu eta egin, ezin da txanpaz ibili bazterretik deus egin gabe" diote biek. "Besteekin mintzatzea zinez interesanta da, gauza ainitz ikasten da, etxalderako baliagarriak direnak" dio Arñok.

Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen lehendakari egon dira biak, lan ainitz eginez.

Ttelek bere kargua utzi du duela urtea, Administrazio kontseiluarekin IDOKI kalitate agintzaren arauak berriz ikusteko lana hartuta.

Gure laborantxa mota azkarrena izan behar lukeelarik, laborantxa industriala geroago eta gehiago sartzen da gure eskualdean. Taigabeko indarrak egin behar ditugu bizi girela erakusteko. Kalitatea, etxalde ttipiak, jendea eta abereen errespetua irudikatzen du IDOKIk. Etxe ekoizpengintza garatzen den heinean, engaiamendu hauek obratzen dituen marka bat behar dugu"  dio  Ttele Leizagoien.

IDOKIk komunikazioa azkarki landu du azken urtetan : "gure baloreetaz hainbeste komunikatzen denean, erraiten duguna egin behar dugu. Gogoeta lan sakon bat eraman dugu koherentzia gehiago sartzeko gure pratiketan, ber exigentzia maila ukaiteko produkzione guzietan. Eztabaidak izan dira, normal den bezala. Baina marka indartzen dugu betebeharrak jartzearekin" azpimarratzen du Ttele-k.

Mende laurdena betetzen duen IDOKI markak, Euskal Herriko laborantxa iraunkorra eta etxe ekoizpeneen eredua bilakatu da. Mantenunia etxaldea lagundu duen bezala, Euskal Herriko etxaldean mantentzeko tresna egokia dela frogatzen du. 

 

Besta eguna zen ekainaren 18an, Ttele eta Arñok Idek'IDOKI etxalde bisita bat antolatu zuten. Bazkaria prestatu zuen Gexine alabak, "Gozo-gose" janari prestatze enpresa sortu du berriki, bakarrik Idoki etxe ekoizpenak eta biologikoak adelatuz.

LABORARI astekarian hartu elgarrizketa zatiak (12/06/2017)

18.06.2017