Berriak

Urre miatzeak Kanbo aldean : laborariak kontra dira !

Hainbat hilabetez berririk gabe egon ondoan, Administrazioak kontsulta publiko bat egiten du nehor abisatu gabe, Kanbo aldean diren meategi bilaketak egiteko baimenaz jendearen ikusmoldea galdegiteko.

Toki bakarra du publikoak bere ikusmoldea emaiteko, bakarrik internetez, eta epe laburrean, 2017ko urtarrilaren 30a eta otsailaren 17a artean.

Tokiko biztanleak sentsibilizatzeko eta bere ezadostasuna erakusteko, STOP MINES EH elkarteak manifestaldi bat antolatu du joan den larunbatean. Kasik mila bat jende juntatu dira Ezpeletako karriketan, urre miatze proiektuak ekar lezazken itsesak salatzeko.

 

Benjamin CHARRON Ezpeletako biper egilea da Uztaritzen. STOP MINES EH elkartearen kidea da, Kanbo inguruetan urre miatzeak egiteko baimenaren kontra altxatzen da. Esplikatzen dauku zergatia.

Oroitarazten ahal daukuzu nontik heldu den urre miatze proiektu horri Euskal Herrian ? nola hartu duzue horren berri ?

Inguramenaren babesean lan egiten dute elkarteen kolektiboak, CADE elkarteak gaitu abisatu, urre miatze baimen bat galdegina izan zela jakinaraziz. Lehen informazio bilkura bat egin zen Uztaritzen, 2015 urteko larrazkenean. Hortik landa, mobilisatu ginen eta « Stop Mines EH » elkartea sortu ginuen.

Loiret eskualdeko SUDMINE enpresak du miatze gain baimena pausatu du 2015ko udan, urre eta beste ekaientzat. Enpresa horiek « Junior » izendatzen dira, diru guti dute  kapitalean eta partzuer nagusiak atzerrian, Afrikan eta Hego Amerikan, lan egin duten geologa eta arkeologo batzu dira. Bizi profesionala urre zain baten atxemaitearekin bukatzea amesten dute. Junior enpresa horien bidez, lur azaleko ikerketa lan arinak eginarazten dituzte. Urre zain ona bada, miatze baimen guziak saltzen dituzte « Major » enpresa batzuei, horiek dira mundu mailako enpresa erraldoi batzu (Kanada, Hego Afrika, Australia,…) heldu direnak gero, ahal handiekin eta tresna erraldoiekin. Lurrean geroago eta barnago joaiten dire lur kentze teknika baliatzen dituzte.

Nolaz proiektu horri heltzen da Euskal Herrira ?

Lehenik testuinguru ekonomiko-politikoa ohartarazi behar da. Arnaud Montebourg Frantziako Ekonomia ministro zenean 2012 urtean, meatzeak berriz builtarazi zituen, « made in France » ideiaren bidetik, enpleguak bertokiratzeko estakuruarekin, lur miatzeak baimendu zituen. Ondorioz, 21.aren mende hatsarrean zerratu ziren meatze batzu, berriz ideki dira Limousin eta Cévennes eskualdetan adibidez.

Euskal Herrian, meategi frango baziren duela bi mila urte.  Meatzeen arrestoak badira leku frangotan oraino. Itsasu eta Kanboren artean, « Camp de Cesar » meatzearen herexa argiak gelditzen dira [oraiko Intermarché saltegiaren gibeleko mendixka].

1986 urtean jadanik, Meatze eta Geologia Ikertze Bulegoak (MGIB, BRGM) lur azaleko ikerketak egin zituen hemen gaindi, aurre historiako meatzeen aztarnak atxeman zituen, inportantena delarik Camp de Cesar lekua. Garai hortako baldintza ekonomikoak ez zuten proiekturik ahalbidetu.

Nolaz beren-ber utziak diren meatzeak, interesgarriak dira egun ?

Duela bi mila urte, lur kentzeko lanak eskuz egiten ziren eta bakarrik lur azalean. Gaurko teknikak desbardinak dira, gaurko ahalekin, geroago eta barnago joaiteko ahala badute.

Bestalde, urrearen prezioak azken 45 urtetako hein gorenean da, beraz haientzat, interesgarria eta errentagarria bilakatzen da, kantitate ttipiak izanik ere. Aitzin ikusi dute, 3g eta 4 g urre-errauts badela iraultzen den lur tona bakoitz. Urre hein hortan errentagarria da haientzat.

Argudio ekonomikoak dituzte aitzinatzen beraz ?

Argudio ekonomikoak baita ere enpleguaren inguruko betiko xantaia egiten dute. Diote enpleguak sortuko dituzte eta Euskal Herriko urrezko joaieria sare bat sortuko dutela. Ez da zepoan erori behar. Urre kentze lana tresnekin egiten dute bakarrik eta lana oso automatisatua da. Kanpotik horra diren langileak berezitu batzu dira, beren lana bukatuta, etorri bezain sarri berriz joanen direnak.

Ehun hektareko meategi batean, bakarrik hamar enplegu dira. Arrunt guti da, parean ikusten delarik zonbat enplegu arriskuan jartzen dituzten. Audela, meategi batetako aktibitatea laburra da. Epe motz batean ahal bezain bat diru egitea dute helburu, espekulazio hutsa da. Aldiz, haiek pasatuta, inguramena sekulakotz kaltetua uzten dute.
Emmanuel Macron Ekonomia ministro ohiak, meategien koda erreformatu zuelarik, sinetsarazi nahi izan dauku meategiek ez zutelarik kalterik ekartzen. Aski adibide bada munduan zehar jakitea gezur hutsa dela, ez da nihun meategi garbirik. Ekai kimikoak baliatzen eta ixurtzen dira naturan, arzenik eta zianura bezala ekai lanjerosek, ura, lurrak eta lur-peak kutxatzen dituzte betirako, lanak geldituta urtetan oraino kalteak badira. Ez du balio urrun joaitea frogak atxemaiteko.  Herault eskualdeko Salsigne urre meategiaren inguruetan, urik eta barazkirik ezin da jan edo edan, sekulako minbizi kasuak agertzen dira, beste lekuetan baino ainitzez gehiago. Meategi horri zerratu zuten 2000.urtetan eta berriz idekitzen ari dira.

 

STOP MINES EH kolektiboak sortu duzue proiektu horri gelditzeko, zergatik ?

Gure lehen eginbeharra da proiektu honen berri emaitea ahal bezain bat jendei. CADE kolektiboarekin, hainbat informazio bilkura egin dugu 2015 eta 2016 urtean, proiektuak honkitzen dituen herrietan (Uztaritze, Itsasu, Kanbo, Sara, Senpere).

Harrigarria da nola nehork ezagutzen ez dituenn enpresa batzu jiten ahal diren bat-batean, gure bazterrak desitxuratzera, gure urak kutxatzera, gure lurrak suntsitzera. Proiektu erraldoia da, 125 km²tan hedatzen da, 11 herrietan, eta 150 ikertze pundu egin nahi dituzte, bereziki ur bazterretan. Katastrofikoa da. Arriskatzen dute jin diren bezala gibel joaitea, dena utziz den bezala, ingurumenean eragin kalteak utziz.

 

Laborantxa munduko hainbat egiturek, gure elkartea barne [Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea] sustengua ekarri dauzuete ?

2015 urteko LURRAMA jadanik, prentsari bat izenpetu zuten gaurko ber egiturek : EHLG, ELB, Ossau Irati ardi gasnako sormarkako etxe ekoizleak, Kintoa sormarka, Ipar Euskal Herriko AMAP sarea, Xapata Itsasuko gereziaren ekoizleen elkartea, CADE, Bizi, Biharko Lurraren Elkartea, Ezpeletako sormarkaren sindiketa eta Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea.

2015 urte ondarrean, Laborantxa ministroak proiektu honen kontra agertu zen. Aldiz geroztik DREAL egitura alde joan da.

Lurralde hontan, laborantxa eta turisma ekonomiaren oinarriak dira. Proiektu erraldoi horren aurrean, ehundako laborantxako lur mehatxatuak dira. Tokiko laborantxak enplegu ainitz ditu, balio erantsia sortzen du, lurraldearen irudi erakargarria ekartzen du eta lurraldea ezagutarazten laguntzen du. Eragin baikorra baizik ez du turismoaren garapenarentzat.

Kalitate urratsak eramaiten dituzten laborantxako egiturek laister ulertu dute arriskua zoin zen, eta kontra mobilisatu dira 2015ko larrazkenean jadanik.


Gaur, zer pasatzen ari da ?

Inkesta publiko bat egiten da 2017ko urtarrilaren 30a eta otsailaren 17a artean, meategi bilatzeko gain baimenaz. Bakarrik internetez eman ditaike bere ikusmoldea Ekonomia ministeritzaren webgunean.

Inguramenaren aldeko guduka eramaile den internet baliatzaile batek du inkesta honen berri ukan. Ez bazuen informazio horri atxeman, ez zuen nehork deus jakinen inkestaz. Senperen, ekainaren 10a eginen ginuen elgarretaratzeak geroz, ez genuen batere berririk. Proiektu honen eramaileak kuku gordeka ari dira gurekin. Hortako dugu, Ezpeletako manifestaldia antolatu denbora gutiz, 1000ko bat jende bildu joan den larunbatean, hainbeste izateak erakusten du jendeak konzientzia hartu duela eta proiektuare ez erraitera jin dira saldoan.

Tokiko 11 herrien sustengua ukan duzue ere, nahiz batzu berant aire agertu diren…

2015 urte ondorrean, miatze eremuan ziren herriko etxeak galdezkatu ditu prefetak, haien ikusmoldea galdegiteko, ikusmolde horrek ez du pizu ofizialik. Denak kontra agertu ziren.

Egia da Ezpeletako herriko etxeak denbora eman duela bere ikusmoldea argitzeko, ez omen du segidan hartu proiektu horren eraginak zoin izaiten ahal ziren, gaur egun kontra da.

Kanbon ere, sustengua igurikatu dugu. Alta Arnaga eta Urak herriko toki famatuak dira, meategiak hiri bazterrean izateak kaltegarri ditaike irudi aldetik. Adibidez, Ureen etxea beno kilometro bat gorago bada  meategi ohi bat Errobi bazterrean eta urre kentzeak ura azkarki kutxatzen du.

Vincent Bru, Kanboko auzapeza Ezpeletako manifestaldian zen joan den otsailaren 10an, elkarteko kide karta hartu du ere. Gaur egun, herriko etxe guziek bat egiten dute, denak kontra dira, horri da inportanteena, ez da sekulan berantegi ongi egiteko.

 

Zertan segituko duzue Stop Mines EH kolektiboarekin ?

Hauteskunde garai hontan, ohartarazi behar da ondoko ekonomia ministroak eskua ukanen duela dozier hortan, berak ditu meategiak baimentzen, baita ere meategi ikertze gain baimenak onartzen.

Gure esperientziak ttipiari begira, gauden erne eta segi dezagun mobilisatzen.

Sustengu egun baten prestatzen ari dira, maiatz aldean eginen da Itsasun, eztabada, apairu eta kontzertuekin. Elgarrekin egun goxo bat pasatzeaz gain, jarraitu behar da jendea informatzen.

 

Xehetasun gehiagorentzat eta inkesta publikoan parte hartzeko (otsailaren 17a aitzin) : http://www.stop-mines-eh.org

typo3/ww.stop-mines-eh.org

16.02.2017