Berriak

Primadera : non dira lekuko baratzekariak ?

Baratzekari guti dela memento hontan erraiten daukuzue ainitzek.

Egia da, COVID 19 krisiarekin, bertan ekoiztu baratzekien galdera emendatu dela azkarki, barazki gutiena den sasoinean.

Baratzezainek ohizko klienteak hurnitzen dituzte aitzina : saskietako manuak goratu dira (doblatu ere batzutan), saltegietan ere galdera azkarra bada.

Apirilean gira eta usaian sasoin ttipia da baratzekientzat : neguko baratzekiak bukatzen ari dira (pourru, aza, lursagar, kuia,…) eta primadera-udako landatze eta ereiteak ez dira oraino eginak.

Gainera negu hontan, hamar bat baratzezainek itsesak ukan dituzte aizete handiengatik ; negutegiak galdu dituzte.

Beraz pazientzia pixka bat har dezagun, baratzekien sasoin naturala etorriko da, eta baratzekiz bete saskiak ukanen ditugu maiatz ondarrean…

DOZIERRA - IPAR EUSKAL HERRIKO BARATZEZAINGOAREN EGOERA

 

BIHARKO LURRAREN ELKARTEAREN ELGARRIZKETA .

B.L.Elkarteak aurkezten ahal daukuzu ?

Biharko Lurraren Elkarteak, 27 urte hauetan, laborantza biologikoa garatzen du informazioa ekarriz, formakuntzak eginez, jakitatea trukatuz, esperimentazioak eta promozio lan bat eginez. Laborantza biologikoan diren 300 etxaldek eta gehiagok lan egiten du proiektu ekologiko honen alde.

Ipar Euskal Herriko baratzezain talde batekin lan egiten duzue ?

Baratzezain biologikoan hasi ziren baratzezainek zuten BLE elkartea sortu 1993.urtean. Hastapenean baratzezainek berek egitez ikasi bazuten ere, geroztik baratzezainen artean egin lana aberatsa izan da. BLE elkarteak baratzezaingoan berezitua den teknikari baten postua sortu zuen baratzezainen arrangurei ihardesteko.

Gaur egun, edozein baratzezainekin lan egiten du: laborantza biologikoan diren baratzezainekin, konbentzionalean ari direnekin eta pratikak aldatu nahi dituztenekin, baita baratzezaingoan plantatu nahi direnekin ere. 

 

Zenbat baratzezain dira gaur egun ipar Euskal Herrian ?

 

Ipar Euskal Herrian 80 baratzezain dira orotara, laborantza biologikoan ari eta ari ez direnak barne. Guztira ehun hektara alor dituzte eta hamar hektara negutegi. Itxura gorabehera, egoera ainitz aldatu da azken urteetan.

2006.urtean, lehen AMAP erosle taldeak (Laborantza iraunkorra sustatzeko elkarteak) sortu zirelarik, bertako baratzezaingoaren egoeraz ohartu zen jendea. Baratzezainak falta ziren erosleen beharrei ihardesteko.

Tradizionalki, baratzezain guti da Ipar Euskal Herrian. Molde konbentzionalean ari ziren baratzezain batzuen ikustera joan ziren erosleak, ingurumena zaintzen duten lan moldeak erabil ditzaten bultzatuz. Baratzezaingoan hasten ziren baratzezain batzuekin lan egitea onartu zuten beste erosle talde batzuek. Gaur egun 32 erosle talde dira, eta denak bertako baratzezainekin lan egiten dute. Ez gira beti horretaz ohartzen, egoera ainitz hobetu dela alegia.

 

Gaur egun hiruzpalau baratzezain plantatzen dira urtero. Gehienak baratzezaingo biologikoan berezitua den Hazparneko Aprendiz eskolaren BPREA formakuntzatik ateratzen dira. Laborarien lehen urratsa izaten da formakuntza hori.

Baratzezaingoa egituratu da emeki emeki. Gauzak ongi egiteak denbora hartzen du, luzarat egonkorrak izan daitezen nahi bada. 

 

 

Zer gertatzen da sasoi hontan, zergatik baratzekari guti bada ?

COVID 19 krisiarekin, bertan ekoiztu barazkien eskaera emendatu da azkarki, barazki gutiena den sasoinean.

Baratzezainek ohizko klienteak hornitzen segitzen dute: saskietako manuak goratu dira (doblatu ere batzuetan), saltegietan ere eskaera azkarra bada. Baratzezainek elgar laguntzen dute falta dituzten barazkiak trukatuz. Salmenta zuzena jarraikitzen dute etxaldeetan edo banatze guneetan. Ekoizten duten guztia saltzen dute. Eskerrak!

Eskaera emendatzearekin, baratzekari gutirekin gelditzen dira baratzezain gehienak.

Merkatuak egiten dituzten baratzezain batzuk LEKUKOA laborari plataforman sartu dira, banaketa gune bat edo beste hornitzeko, ez salmenta gune orotan ordea. Ondorioz baratzekaririk ez da LEKUKOA banatze gune guztietan.

Haatik Baionako bost baratzezain konbentzionalek, barazkiak banatzen dituzte Baionan.

Apirilean gira eta usaian sasoi ttipia da barazkientzat : neguko baratzekariak bukatzen ari dira (pourru, aza, lursagar, kuia,…) eta primadera-udako landatzeak (kuiatxo, tomate,…) ez dira oraino eginak.

Pazientzia har dezagun, baratzezainak lanean ari dira tenore onean prest egoteko. Gainera, maiatz ondarretik harat, saskiak barazki ederrez hornituak izanen dira berriz.

Fruituei dagokienez, apirila ondarra arte kiwiak izanen dira, gariguette motatako marrubiak maiatza arte eta dena ongi badoa, gereziak ekaina hastapenean agertuko dira. Ordukotzat, fruitu gorriak ere izanen ditugu. 

Laborantza biologikoan lanean hartzeak zer suposatzen du ?

Hu

rbiletik jarraiki behar da, artatzeko beharrik ez ukaiteko ! Laborantza biologikoan ezin da ekai kimikorik baliatu, beraz hurbiletik zaindu behar da ekoizten dena. 

Laborantza biologikoaren oinarrizko printzipio batzuk ematen ahal dira :

- Lurra oinarria da. Behar da lurra elikatu, landarea elikatzeko. Landareak behar dituen elikagai guziak eman behar zaizkio, ongarri organikoa edo minerala ekarriz ; behar duena soilik, ez gutio, ez gehiago. 

- Landa eremuak aldizkatu behar dira. Ber motako landare bat ez da jartzen ahal bi aldiz segituan leku berean. Horri esker parasitismoa ttipitzen da.

- Prebentzioan da dena jokatzen. Landareak usu zaindu behar dira, landarearen defentsa naturalak indartu behar dira, eta lursailaren araberako landare motak hautatu behar dira.

Taldeko formakuntzak egiten ditugu jakitatea trukatzeko, alternatibak lantzen eta probatzen ditugu eta ondotik fitxa teknikoak idazten eta zabaltzen. Helburua da bertako lurra eta klimari egokitzea. Adibide bat baizik ez da, baina entseguak egin genituen ikusteko zein tomate mota hobekienik laketzen zen gure lurraldean.

Zein dira ipar Euskal Herriko baratzezaingoaren berezitasunak ?

Baratzezain gehienak estruktura ttipietan plantatuak dira (1-4 hektara artean) eta gutienez hogei bat barazki mota desbardin ekoizten dituzte urte osoan. Eta hori aski zaila da, landareen itzulikatzeko eremu aski zabala behar baita.

Beste eskualde batzuetan, baratzezainek etxalde handiagoak dituzte, tresna handiekin lan egiten dute, eta urtean baratzekari bakar batzuk egiten dituzte. Espezializatuagoak dira. Hori zinez desbardina da hemen.

Barazki mota desberdinez osaturiko saski bat urte osoan ekoiztea egiazko buru-haustea da. Zinez teknikoa izan behar da, landatzeak aitzinetik planifikatu behar dira eta baratzekari bakoitza hurbiletik segitu behar da beti. 

Barazki ainitz ekoizten denean eskulan frango bada, baratzeko landatzeko eta biltzeko. Lan ugaritan, tresna egokirik ez denez eskuz ari dira (ad. pastanagrearen belar kentzea). Beste batzuk, diru eskasez ez dira tresnatu eta eskuz ari dira.

Lanari balio gehiago emateko salmenta zuzena garatu dute askok, ondorioz ordu ainitz pasatu behar dituzte etxetik kanpo saltzen.

Baratzezain ugari beren baitarik hasi dira. Ainitzek aitortzen dute ez zutela fitsik lortuko familia eta lagunen hasierako laguntzarik gabe. Beste batzuek, aprendiz bat hartzen dute, baina gutik lanpostu iraunkor bat eskaini dezakete formakuntza behin finiturik.

Langile beharra arazoa da, alta baratzezaingoan balitaike enpleguak sortzeko bidea.

Perspektiba baikorrik ba ote da tokiko baratzezaingo biologikoarentzat ?

Perspektiba baikorrena eskaera da, izan dadin AMAP erosle talde, bio saltegi, eskoletako jantegi edo haurzaindegiengandik. Gehienek barazki biologikoak eskatzen dituzte.

Horren ondoan, baratzezaingoa garatzeko eta egituratzeko prest da. Tokian bertan baratzekariak laborantza biologikoan ekoiztea posible da. Eta gaurko egoerak erakusten du janaria munduaren puntu batetik besterat garraiatzeak ez duela zentzurik.

Baiona inguruan, lehenagoko baratzezain ainitz baziren; gaur egun badira batzuk oraino, hogeita hamar bat baratzezain konbentzional alegia.  Horietarik batzuk azkarki interesatu dira teknika biologietan, laborantza biologikoaren lan-molde batzuk sarraraziz beren praktiketan. Ekintza konkretuak igurikatzen dira kolektibitateengandik hiri inguruetako laborantzako lurrak babes ditzaten, eta baratzezain berriak erakar ditzaten. Gure janaria ekoizteko lurra atxiki behar dugu.

Laborantza biologikoan plantatu diren baratzezain gehienak barnekaldean dira. Bata bestearengandik urrun izanagatik, haien jakitatea eta esperientzia trukatzen dute aspalditik, eta hori beharrezkoa dugu plantatzen diren baratzezain berrien proiektuak bideratzeko. Hamar bat urtez, hogeitahamar bat baratzezain plantatu dira. Eta orain urteko bizpahiru laborari laguntzen ditugu baratzezaingo biologikoan instalatzen.

Erosleak laguntzen ahal ote du baratzezaingoa garatzen ?

Bai. Erosleen eskaerak aukera berriak ekarri ditu laborantza biologikoan ari diren Ipar Euskal herriko baratzezainer, haatik luzarako engaiamendua izan behar du.

 Hori da Ipar Euskal Herriko AMAP sareak bete duena 15 urtez, gaur egun arte. Horretaz gain,  tokiko baratzezainek kontsumitzaileen eta ekoizleen saltegiak ere hornitzen dituzte.

Baratzezaingo biologikoa garatu nahi bada, ingurumena errespetatzen dituzten lan moldeak erakutsi behar zaizkio laborariari, eta baratzezaingoan plantatzeko xedeak sustatu behar dira. Bi kasuetan, pazientzia hartu eta egoera kontutan hartu behar du erosleak.

Baratzezain berrien plantatzea nola sustatzen ahal da ?

Baratzezaingoan plantatu aitzin, proiektua ongi landu behar da. Ontsa formatu behar da, beste etxaldetan lan eginez esperientzia biltzeko. Bestalde, lur emankorra atzeman behar da, materialean inbestitzeko aurrekondua bildu behar da (lurra gabe), etabar…

Denbora utzi behar zaio proiektu eramaileari, bere proiektua ongi landu dezan.

 

 

Ez dugu aski erraten, pazientzia hartu eta egoera kontutan hartu behar du erosleak.

Laborantzako egiturek eta kolektibitateei dagokienez, bertako baratzezaingoaren garatzeko aukera sustatu behar dute, jendeartearen beharra eta nahiari ihardesten duelakotz.

Berriki aize tenpestak jasan dituzten baratzezainen aldeko elkartasun deia egin duzue ? Zergatik ?

N

egu hontan, hamar bat baratzezainek negutegiak galdu dituzte haize tenpestengatik.

Guztira 5000 m² negutegi suntsitu dira, kalteak 500 000 €tan estimatzen dira. Negutegiaren azpian ziren baratzekariak galdu dituzte, ordezko materiala erosi behar dute eta negutegi berriak altxatzeko lan ordu asko dira. Energia ainitz behar da berriz partitzeko. Egoera honek ondorioak ukanen ditu udako eta larrazkeneko saskietan, barazki batzuk faltako dira.

Egoera honen aitzinean baratzezainak bakarrik dira, Europako laborantzako laguntza gutirekin eta laborantzako kalte sistematik kanpo.

Ber mementoan, garai hontan dituzte diru behar handienak tresorerian. Primaderako landatzeak egin behar dira, haziak eta landareak erosi behar dira, ongarri organikoak, etabar…

Botere publikoei egoera honen berri ematen diegu. Negutegien asegurantza sistema kolektibo bat eraiki nahi genuke.
Klima aldaketarekin, haize tenpesta azkarrak gero eta gehiago izanen dira. Bertako baratzekarien ekoizpena garatu nahi bada Ipar Euskal Herrian, ez dira baratzezainak bakarrik utzi behar kolpeak jasaten.

Baratzezainen urratsak sustatzen jarrai dezagun, egoera zail honi buru egiteko.

Aste batzuen buruan eskertuko gaituzte, barazki eder eta onez bete saskiak hornituz.

 

BLE elkartearekin batera, elkartasun dei bat luzatzen dugu kaltetuak diren baratzezainen laguntzeko :

https://www.helloasso.com/associations/inter-amap-pays-basque/collectes/caisse-solidaire-paysans-en-amap-tempete-2020

 

 

16.05.2020