Berriak

SARA, salda hoberenaren lehiaketa ederra

Salda hoberenaren lehiaketaren lehen saria eraman dute Ani eta Erregina SARROSQUY-k. 

Eguberriko IDOKI merkatu denboran, salda hoberenaren lehiaketa oso ederra ikusi dugu 12 sukaldari amaturrei esker.

Goizeko 9tan, ekipak hasi dira gasa eta suak plantatzen, tupiña fierrak eta barazki freskoz hurnitu saskiak mahain gainean pausatzen, lehen baratzekiak xuritzen eta pikatzen. Hots, salda hoberenaren lehiaketa abiatu da ixtantean.

Sasoineko ekoizpenekin, lekukoak eta kalitatezkoekin egunero sukaldatzea posible dela frogatzen duen Henri Amestoy agurño baten egitera jina zen, Ortzaizeko jatetxeko suen aitzinean jarri aitzin. 

Eguberriko IDOKI merkatuan ziren laborarien mahainetan, IDOKI osagai bat hautatu behar izan dute lehiaketako parte hartzaileek : ardi gasna raspatua, Kintoa urdazpia, Ezpeletako biperra edo behi gasna freskoa hautatu duten ausartenek.

Saldak bor-bor egiten hasi direnean, usain arrunt goxoak hedatu dira Eguberriko merkatuan, denei gose ttipi bat sortuz eguerdi hirian.

Begietatik mihira

Eguerditan ttanko, sei sukaldari ekipeek haien salda aurkeztu dute epaimahaiari : oihal eder baten gainean pausatu barazki freskoak, gaztain mardotsak, salda ontzi ederrak eta Olentzero ikusi dugu ere sasoineko barazkien gainean jarria...

Ederrak izateaz gain, salda guziak dastaketarako deia luzatzen zuten.

Salda hoberenaren epaimahaian Idoki laborari bat, Christian Aguerre eta Xan bere semea baziren, Sarde-Sardexka elkarteko Jenofa Irubetagoyena eta Ossau Irati ardi gasna dastaketan berezitua den Isabelle Mercier.

Epai mahainak salda bakoitzaren aurkezte-moldea, barazkien egoste heina, testura, originaltasuna, gustua eta zaporeak jujatu ditu.

Publikoak ere, salda guziak dastatu ahal izan ditu, gehien gustatzen zakon saldari bere botza emanez.

Epai-mahaiaren saria eta publikoaren saria 

Salda hoberenaren lehen saria Arrangoitzeko Ani eta Erregina SARROSQUY-i eman du epaimahaiak. Kuia krema topinanbu goxoekin eta ardi gasna raspatuarekin prestatu dute ama alabek. Lehiaketa horri kartsuki prestatu zuten bi andereek, ekoizpen onak hautatuz laborarien etxen, hala nola Bunuzeko Aozteia etxaldean 18 hilabetez ondu IDOKI ardi gasna

Publikoak aldiz Terexa eta Xabier ALDUNTZIri eman diote botza, prestatu gaztain kremarentzat. Jaz salda hoberenaren lehiaketan parte hartu zuen Terexak eta aurten, aita parte hartzera animatu du. Aitak ez omen zuen sekulan saldarik egin, baina ikusiz gaztain saldak ukan duen arrakasta, noizbait berriz hasiko beharko du !

Bi xito : Maider Azarete eta Oihana

La soupe de Melinda Sébastien Renoux, Firmin Urbistondo, Mathieu Etcheverrigaray

Salda hoberenaren lehiaketa parte hartu duten sukaldari guziak izendatu nahi ditugu :

- Lutxi IRIBARREN-ARBURUA eta Martta ARBURUA, baratzeki salda, Belazkabieta etxaldeko Ezpeletako biperrarekin. 

 - Sandrine eta Melinda GUILIANI GARCIA, Melindaren salda prestatu dute Urepeleko Xole Airek ekoiztu Kintoa urdazpiarekin.

- Sébastien RENOUX eta Mathieu ETCHEVERRIGARAY, txamangoa jarria zuten Aitatxiren Tupiñan, Sarako Ihitia etxalde ardi gasna raspatua eta ogi txigorkiekin zerbitzatu dute.

- Maider AZARETE eta Oihana  "Gau hotz bateko berotasuna" izeneko salda egin dute. Maider berra baratzezaina denez, etxeko baratzekiak baliatu dituzte Ezpeletako biperrarekin.

 

Epai-mahaiko kideak eta sukaldari parte hartzaile guziak bihotz-bihotzetik eskertzen ditugu. Esperantxa dugu gure artean berriz ikustea !

Kuia krema, tupinanbu goxoekin eta ardi gasna raspatuarekin. 

Osagaia (5 pinta saldarentzat) 

- 2,5 potimarron kuia, 4 porru, 8 lursagar, 8 tipulin, 12 tupinanbu, 400 gr ardi gasna, xarpota, 50 g gurin, 10 koilara handi esnegain, gatza, Ezpeletako biperra, muskada biperra.

Barazkiak garbituta, lursagarrak, tipulinak, tupinanbu eta kuia xuritu. Kuiaren azala atxikitzen da.

Ura irakiarazi eta gatzatu, tupinanbuak 15-20 minutuz egosi, ganibet lama errexki sartu arte. Tupinanbuak ur hotzean atxiki.

Kuia eta lursagarrak lauki ttipietan moztu. Porruak eta tipulina xehatu eta gurinean erre. Gatza, Ezpeletako biperra, xarpota, eman. Baratzekiak 5 minutuz suan erre ur pixka bat galdu arte. Ur hotza gehitu baratzeki guziak urez tapatu arte. Su eztian erre, baratzeki guziak goxatu arte. Esnegaina gehitu. Dena irabiatu eta bero atxiki. Dastatu eta beharrez, gatza gehitu.

Tupinanbu egosiak laukietan moztu, zartainean jarri eta gurinean pasatu. Ezpeletak biperra eman eta beharrez gatzatu. Bero atxiki.

Ardi gasna ondua xeheki raspatu. 

Zerbitzatzeko mementoan, tupinanbu bat jarri azietan eta kuia krema beroa gehitu gainetik, ardi gasna raspatua azken mementoan eman. On egin !

Gaztain krema 

Osagaiak : Sarako oihanetan bildu 600 g gaztain, 2 tipul, porru bat, 1 kg 250 kuia, 5 lursagar handi, 2 esne pinta, 2 ur pinta, Ezpeletako biperra, xarpota, perrexila, apioa, 5 ale baratxuri, 10 koilarakada oliba olio birjina, gatza.

Lehenik tipula gozatuko dugu eltzean, olio beroan eta gatz pixar batez. Ordu laurdenaren ondoren, erantsiko dizkiogu porrua eta baratxuria. Bost bat minutu egin zuritu arte, eta erantsiko dizkiogu kuia, gaztaina eta patata. Ongi nahastu dena olioaz busti arte, eta ura eta esnez beteko dugu eltzea. Bor-bor egiten hasten denean, sua apaldu eta xarpota, perrexila eta apio sorta gehituko diogu. Su eztian edukiko dugu guztia egosten ordu batez. Ondoren dena xehetuko dugu birringailu batez. Gatz puntua neurtu eta mahaiarako prest edukiko dugu gaztain salda.

 ON EGIN ETA EGUBERRI ON !

Eguberriko eta urte ondarreko bestak ongi pasatzea desiratzen dauzkizue IDOKI etxe ekoizleek !

 

 

 

 

 

 

 

 

 

20.12.2014