Berriak

Belartegiko idortegia: geroan oiartzuna izanen duen praktika

 

Beñat Negelua, Mikel bere semea eta Peio Jauregi bere iloba, hiruak elgarrekin ari dira Donaixtiko Ekibegia etxaldean. Manex Buru Beltza arrazako ardiak eta haragirako behiak haziz, ekoizpen ezberdinak proposatzen dizkiete bezeroei.

Hala beraz AOC Ossau Irati ardi gasna, bildotxkia, ardiki kontserbak eta idikia (kontserbak eta freskoa kutxetan) saltzen dituzte.

Hiruek elgarrekin laborantza biologikoa eta salmenta zuzenaren hautua egin dute etxaldeko ekoizpenak balorizatzeko

Donaixtiko etxaldean kabalak bazkatzeko, Euskal Herrian Oraindik biziki garatua ez den belarra idortzeko sistema bat eman dute martxan : Belartegiko Idortegia.

Sistema hori hurbilagotik ezagutzeko Ekibegiako Mikel eta Peiorekin izan gira solasean.

 

Idortze eta kontserbatze tokiak Aire sartzea Belarrak mugitzeko aztaparra

 

Zer da belartegiko idortegia ? Nola ibiltzen da ?

Belartegiko idortegia, kabalak bazkatzeko erabiliko diren belar eta soroak idortu eta biltzeko sistema bat da. Ibilmoldea aski sinplea da. Lehenik belartegiaren alde batetik airea sartzen da, gaina eta teilatuaren artetik. Aire hori bien artean eguzkiaren indarrez berotzen da, eta gero haizagailu handi batzuen indarrez belarra idortzeko berbideratua da. Aire beroa belartegiaren azpitik pasatzen da eta gero azpitik gainera belarra zeharkatzen du azken hau idortuz. Bukazeko, belarra idortzeko baliatua izan den aire hezea kanpora doa irekia den beste aldetik.

 

Zergatik egin zinuten holako sistema bat plantan emaiteko hautua?

Hautu horren arrazoina logika orokor batean kokatu behar da, holako tresna batek ekoizpenaren aspektu ainitz hunkitzen baititu. Guk biologikoaren eta etxe ekoizpenaren hautua egin dugu eta horri begira hasi gira belartegiko idortegiarekin lanean arrazoin ainitzengaitik.


Alde batetik, belarren kalitatea hobetzea lortzen da. Belarrak moztean, idortzeko ez dugu behin eta berriz barreatzerik eta iduzkitan uzterik, eta beraz etapa hauetan iduzkiak erretzen eta barreatzeak lurrera erorrarazten dituen elementu nutritibo guztiak ez ditugu galtzen. Horri esker gasnaren kalitatea ere hobetzea lortzen dugu.

Bestetik, biologikoan izanki, hautu hori beharrezkoa zen guretzat. Onkailu kimikorik ez baliatzeak, belarra ongi pusatzeko lurra zaintzea galdegiten du, eta horren aspektuetako bat, lurraren tinkatzea ahalik eta gehien galaraztea da. Beraz sistema horrekin larretan belarra barreatzeko behin baino gehiagotan traktore eta beste makina pisuekin ez pasatu behar izateak hortan laguntzen du.

Azkenik, autonomia hein handiagoa ekartzen du etxaldeetara. Guk adibidez, belarrarekiko autonomia lortu dugu eta ez gira gehiago kanpoan erostera behartuak. Kontuan hartzeko elementua da.

 

Zein aldaketa ekarri du etxaldera?

Lehenago aipatutako guztiaz gain, lan mailan ere aldaketak ekarri ditu belartegiko idortegiak. Hasteko belarretan (mozketa, barreatzea, bilketa) ainitzez denbora gutxiago pasatzen dugu behin bakarrik pasa behar baitugu eremu beretik.

Gero kabalak bazkatzerakoan ere denbora irabazten dugu, ez baitugu balotak leku batetik bestera ibiltzerik eta desegiten aritzerik.

 

Zer ekarpen egiten ahal dio holako tresna batek laborantxa herrikoiari?

Laborantxa herrikoia laguntzen du, autonomia eta kalitatea garatzen laguntzen baitu.

Kanpoan gutxiago erosi beharrez, ez gira merkatuek eragiten dituzten prezio aldaketen hain menpeko. Askatasun gehiago dugu eta gainera ongi badakigu gure kabalei jateko zer emaiten diegun eta nola ekoiztua izan den, guk egina baita.

01.04.2016