Berriak

Hazparneko Etxartia etxaldea berpitzen da !

Florence eta Yoann PLANCQ-ek, laborantxaz bizitzeko nahikeria dute.

Ez dira batere laborari mundua sortuak, hiritarak dira biak.

Aitzineko lanbideetan ezintuak, laborantxa iraunkorraren hautua egin dute, haien bizibidea hortik atera nahiz.

Lehenik Yoann da Hazparneko Etxartia etxaldean plantatu. Etxeko arroltzak egiten hasiak dira eta zuzenean saltzen dituzte. Guti gabe, Florencek ere laborantxan plantatu behar luke ardi gasna egiten hasteko Etxartian.

Florence eta Yoann PLANCQ-ek, IDOKI kalitate agintza pean egiten dituzte arroltzeak.

ELGARRIZKETA : Florence eta Yoann PLANCQ, Hazparneko Etxartia etxaldeko jabe berriak dira.

Yoann, zein ibilbidek ekartzen zitu Etxartia etxaldera ?

Ez niz laborari semea, hipermerkatutean lan egiten dut aspertu arte. Sistema osoa gorroto nuen, ez nuen gehiago industrial sistema horren barne izan nahi, jendearen osagarria suntsitzen duelakotz.

Garai hortan dut Dominique Aincy laborariaren ezagutza egin. Hazparneko Garaikoetxean behi esnadunak ditu eta behi gasna egiten du. Florence-kin, bere etxaldea bisitatu dugu eta ikastaldi batzu egin ditugu bere etxen. Aski fite ohartu gira gu ere laborari izan nahi ginuela, kabaleekin eta lurrarekin harreman zuzena ukaiteko, baserri munduan atxiki diren baloreengatik. Hirian, jendeen arteko lotura galdu dugu.

Gaur egun, Etxartia etxaldean bizi gira, Dominique Aincy-ren lehen auzoak gira. Badira hamar bat hektara etxaldean eta arditegi zahar bat. 

Florence, etxaldea biek arrahartzen duzue ? ’

Gogoeta ainitz eman dugu lehen urratsa eman aitzin. Berriz eskolara joan gira biak, laborantxako ikasketak egin ditugu elgarrekin, laborantxan plantatzeko BPREA diploma eskuratzeko. Yoann laborantxan plantatu da 2015ko agorrilan. Nere aldetik, kanpoan lan egin dut baina gure xedea biak laborantxaz bizitzea da. Etxartia etxaldetik bi lansari atera beharko ditugu.

Hatsarreko ideian, etxalde pedagogiko bat egin nahi ginuen, jendeei erakusteko nontik heldu eta nola eginik diren ekoizpenak.

Ekoizpen mota ttipi ainitz egin nahi ginuke, etxaldetik baloratuz ahal bezain bat : ardiak ardi gasnarentzat, oiloak arroltzeentzat, etabar...

Dena eraikitzekoa dugu hemen, denbora hartu beharko dugu dena egiteko, ahal bezain ongi egiteko gogoa dugu.

Erruten duten oiloekin hasi zirezte lehenik ?

Kolore desbardinetako 400 bat oilo ditugu, Sussex, Marrans edo Lohman arrazakoak. IDOKI kalitate agintza ardietsi dugu arroltzeentzat. Zuzenean saltzen ditugu etxetik, Hazparneko merkatuan, Angeluko Quintaou merkatuan ostegun eta igandetan.

Berrogei bat ardi eman dauzkigute, buru gorri eta beltzak. Gasna egiten hasiko gira ondoko sasoinean eta euskal xerriak har genezazke orduan.

Etxaldeak ekoizten den guziak IDOKI kalitate agintza pean eraman nahi dugu. IDOKIren ispirituarekin bat egiten dugu. Gure abereekin, kalitateko janaria egin nahi dugu sinpleki, gure izateari jarraikiz.

Laborantxako etorkizuneko ofizioa ote da ?

Y : Etorkizuneko ofizioa da bai, ez bada laborantxarik ez da gerorik, ez da bizirik, nihun.

F : Konzientzia hartzea sendi da, ez dute denek laborari izan nahi, baina jendeak jendea nahi du parean, nahi du jakin janari nori erosten duen. Saltegi handiek atalak betetzen dituzte, nunahitik etorri ekoizpenekin, ez jakin nontik heldu diren xuxen. Hortaz ohartua da jendea. Laborari izatea, atzoko ofizioa da baina gerorako ofizioa bilakatu behar du berriz.

Gure haurrei babes leku bat utzi nahi ginuke, ez berriz saltzen ahalko duten etxea.

 

LABORARI astekarian agertu lekukotasunetik. 

 

 

 

15.03.2017