Berriak

Xuhito: Biharko laborantza herrikoiaren eredu

 

Xuhito geroz eta ekoizle gehiagok haien haragia transformatzeko baliatzen duten transformazio gune kolektiboa da. Anhauzen (Baxe Nafarroa) kokatzen da, tailerrari izena eman dion Xuhito auzoan.

CUMA (Laborantzako Tresnen Erabilpenerako Kooperatiba) bezala antolatua, lan tresna kolektibo hunek bitartekaririk gabeko transformazioa ahalbidetzen die ekoizleei, sortutako balioa etxaldean atxikitzeko parada eskainiz. Kide diren laborariek haien artean partekatu dituzte CUMA-ren eguneroko ibilmolderako lanak, kudeaketarako arduradunak izendatuz besteak beste (hornitze, egutegi, higiene,...).

Sukaldatze eta autoclave gela Airerik gabeko paketatzea Mozketa gela

Jean-Marie Astabie Bunuzeko IDOKI ekoizle eta CUMA Xuhitoko lehendakariarekin izan gira proiektuaren garapenaz hitz egiteko.

 

Zergatik eta nola sortu da Xuhitoko transformazio gune proiektua?

2011-an, zirkuito laburrak garatzen lagunduko zuen CUMA baten ideia aipatzen hasten ginen laborari batzuekin. Idei horrekin, proiektu batzuk aurkezten zituen CUMA egituren aurkezpen bilkura batera joan nintzen Muskildira, zer egitea posible zen ikusteko asmoz. Gastuak bateratu eta banatuz gure ekoizpenak transformatzea ahalbidetuko zigun tresna bat bilatzen genuen (bukaera arte gure ekoizpenaren jabe izateko eta hola balore gehigarria etxalean atxikitzeko). Paraleloki momentu berean halako gogoeta bat abiatua zen IDOKI-ren baitan eta fite elgarrekin lanean hasi ginen.

Anhauzeko harakin ohiaren tailerra alokatzeko parada izan genuen, erretretara zihoalako eta ez zuelako saltegiaren segida hartuko zuen hartzailerik. Tailerra gure proiektura adapta genezan ados zen eta sei urterako alokairuarekin hasi ginen. Eta tailerrak bisitatu, higiene eta bestelako formakuntzak segitu eta beste hainbat desmartxaren ondotik, 2012-ko abenduaren 14-an, Xuhito-ko tailerra prest zen orduan proiektuan ginen 23 laborarien ekoizpenak transfomatzen hasteko.

 

Nolako garapena izan du gaur arte?

Materialari (makinak, mozketa, transformazio eta paketatze gelak,...), kudeaketari eta araudi ezberdinei (Europa maiako zertifikatuak) dagokienez, dena prest zen hasieratik. Baitaezpadakoa da, horrelako tresna batek zorrostasun handia eskatzen baitu kudeaketa eta mantentze aldetik higiene araudiak errespetatzeko.

Ekoizleen aldetik, gaur egun ipar Euskal Herriko txoko guztietatik heldu diren 31 ekoizlek (kasik denak IDOKI kalitate desmartxan) baliatzen dute Xuhito tresna haien haragia transformatzeko. Haien artean, ahatxeki, idiki, ardiki, xerriki eta baita zaldikia ere badira, 42 tona orotara 2015 urte osorako.

Azkenik, garapenik handiena nire ustez ekoizleek guhaurek sentitu dugu, proiektuak ekarri dizkigun ezagutza eta esperientziari dagokienez. Formakuntzen bidez jaso ditugun eta tailerrean egunerokoan lan egiteko beharrezkoak diren ezagutza teknikoez gain, proiektuaren alde kolektiboa oso garrantzitsua da. Elgarrekin lan egiten eta tresna hau elgarrekin kudeatzen ikasi dugu. Ainitz ikasi dugu batak bestea lagunduz, lan kolektiboaren ispiritu hori biziki aberasgarria da.

 

Zer ekarpen egiten dio holako proiektu batek laborantxa herrikoiari ?

Bere ekarpena alor askotakoa da. Lehen lehenik, ekoizleari bere ekoizpena hasieratik bukaera arte, lehengaietik salduko den ekoizpenera kontrolatzeko parada eskaintzen dion transformazio tresna da. Bestalde, proiektu kolektibo bat sortzeak, ibilmolde gastuak, ezagutzak eta esperientzia partekatzea ahalbidetzen du, ekoizleei transformazio proiektuak errexkiago plantan ezartzeko posibilitatea eskainiz. Honek alde on ainitz dakartza berekin: gazteen instalazioa laguntzen da gastuak murriztuak baitira eta fakturazioa erabilpenaren heinekoa baita, giza neurriko etxaldeak mantentzen laguntzen da ekoizleek ez baitute makinak pagatzeko ekoizpena handitzeko beharrik,... Holako proiektu kolektiboak biharko laborantxa herrikoiaren zutabeetako bat izango direla pentsatzen dut, proiektuaren neurrira egokituz bakoitzaren beharrei erantzuten dieten tresnak direlako.

 

Zer proiektu duzue gerora begira ?

Hasteko, saltxitxoi idortegi bat egiteko leku bat aurkitzeko proiektua dugu. Hori urte bukaera aitzin plantan emaitea espero dugu.

Bestalde, Xuhito tresna bere mugak erakusten hasten da lokalaren azalerari dagokionez. Ezin da adibidez bi haragi ezberdin momentu berean moztu edo transformatu, honek tailerraren beste eremuen erabilera hoberena kaltetzen duelarik. Baina batez ere, leku eskasez ekoizle gehiago gehitzea geroz eta zailagoa bilakatzen da. Arrazoin guzti horiengatik, epe ertainean lekuz mugitu beharko dugu toki gehiago ukanen duen leku batean instalatzeko.

 

14.03.2016