2019-an Azore ugarteetan egin bidai batean deskubritu zuen Mikelek Tearen kultura. Kuriositateak bultzatu zuen Kamelia Sinensis landarea hobeki ezagutzerat, eta Ipar Eh-ko baldintza klimatikoak egokiak izan zitezkela pentsaturik, 2020 urte bukaeran landatu zituen lehen te landareak. Apostua irabazia ! 2023 urte huntan, Ilgora izeneko kalitate haundiko tea saltzen hasi baita !
Uztaritzen instalatua naiz Arruntzako bidean, herriko etxeak laborantxarako atxikitako hektare bateko eremu batean. Oihan baten erdian kokatu landak garbitu eta lagunekin 900 te landare landatu nituen 2020 an. Izen zientifikoz Camellia Sinesis deitua den landarearentzat lehen urtea garrantzitsua da ,ur eta hezetasuna behar baitu ongi garatzeko. Hala gertatu da ! 2023 urte huntan bildu ahal izan ditut lehen te hostoak eta emaitzaz pozten naiz. Landarea neguan lo bada, kimuak otsaila bukaeran iratzartzen dira eta te hostoak apirila erditsutik urri erditsurat biltzen ditut. Bilketa eskuz egiten dut hostoaren kalitatea bermatzeko.
Produktu kimikoak debekatuak dira, bainan egia erran ez dela hauen beharrik ere te landareak etsai gutti dituelako. Izozte haundiak eta idortea salbu, eritasunik ez du biltzen eta mamutxek ez dute erasotzen, beraz ekoizteko landare errexa da. Hezetasuna gustukoa duenez, lastoa emaiten dut landare bakoitzaren artean. Berote haundietan, urestatu behar dira eta horretarako euri ura errekuperatzen dut.
Kalitatezko te baten lortzeko, transformazioa ezinbesteko etapa da. Nik txinatar metodoa hautatu dut, erran nahi baitu te berdea egiteko, hostoak Wok batean berotzen ditudala 150-200 gradu artean, biribildu eta deshidratatu aintzin. Te beltzarentzat, hostoak oxidatzen utzi behar dira hezetasunean, 20-30 gradutan, 6 eta 24 orenen artean, wokean berotu, idortu eta biribildu aintzin.
Aurten 6kg te ekoiztu ditut, heldu den urtean 15kg-tarat heltzea espero dut. Nere xedea da ere Ilgora herriko tea ahal bezain bat lekuan berean saltzea.
- Te berdea eta beltza
- Deuza etxea
- elkarte-epizeria-heraitzekoop
- Arruntzakoop elkarte epizeria
- Etxe ekoizleen Elika denda (Ezpeleta)