Taldeko promozio ekintzak

Ezagutarazte ekitaldiak

IDOKI etxe ekoizle guziek « Promozio taldean » parte hartzen dute. IDOKI kalitate agintzaren ezagutarazteko ekintzak elgarrekin finkatzen eta eramaiten dituzte.

IDOKI ekitaldiak egiten dira urte osoan :

Etxe-merkatuak

Agorrilan, IDOKI sareko bi etxaldeek ateak idekitzen dituzte. IDOKI kalitate agintzaren eguneroko engaiamenduak agertzen dira etxaldearen bisita denboran. IDOKI etxe ekoizleen merkatua plantatzen da etxaldean eta eguerditan IDOKI ekoizpenak zerbitzatzen dira bazkarian.

Ezpeletako IDOKI feira

IDOKI etxe ekoizleen feira handiena da Ezpeletakoa, hogeita hamar bat erakusmahaietan Euskal Herriko etxe ekoizpenen ainiztasuna agertzen da. Urte guziz, beste eskualde batetako etxe ekoizleak gomitatzen dira feiran. Eguerditan, 900 bat IDOKI azieta zerbitzatzen dira, giro goxo batean.

Haragiaren salmenta zuzena

Haragiaren salmenta zuzena ezagutarazten duen etxe-merkatua antolatzen dugu etxalde batean.  Merkatua, bazkaria eta etxalde bisita antolatzen dugu IDOKI haragiaren kalitatea ezagutarazteko. Hogeita hamar bat IDOKI etxe ekoizleek haragia (ahatxekia-behikia, xerrikia, bildoskia-atzarkia) saltzen dute zuzenean. Usaian, urriko lehen larunbatarekin egiten da. 

Eguberriko IDOKI feira

Artelan-egileekin sortu dugu Eguberriko IDOKI feira : kalitatezko erakusmahaiak hautatu ditugu urte ondarreko besta hauen ospatzeko. Lehen edizioa Saran egin da 2012 urtean, geroztik hitzordua atxikitzen dugu.

Merkatu antolazaleekin harremanean

Urte osoan, IDOKI etxe ekoizleek merkatuak egiten dituzte leku ainitzetan.

Merkatuetako egoera ez da beti errexa laborarientzat, ezin da beti denetan izan eta debaldetan.
Nahi ginuke merkatu antolatzaileek hobeki kondutan har dezaten laborariek egoera :

  • Kalitatezko urratsetan (IDOKI, sormarka, bio) engaiatuak diren etxe ekoizleei leku handiagoa egin behar zaie merkatuetan. Ainitz aldiz, laborariak arrasaltzaile, karrika saltzaile, artesau eta industrialen artean galtzen dira.  
  • Parte hartze onargarriak egin behar dira etxe ekoizleei. Batzutan, neurriz kanpoko merkatu sariak eta trabak jartzen dira etxe ekoizleei.
  • Merkatuan jendea egongo dela seguratu behar da, araberako komunikazio landuz.

Merkatu antolatzaileei aholkuak ekartzen ahal ditu elkarteak eta parte hartzeko gomita luzatzen du IDOKI etxe ekoizle guziei.

Galderaren arabera, elkarteak taldeak laguntzen ditu egituratzen Saloin batean parte hartzeko. Elgarrekin joaiten denean, Idoki etxe ekoizpenen gama osoa agertzen da, gastuak eta lana partekatzen dira.

Usaiako merkatuak   

Eroslea eta ekoizlearen arteko hainbat hitzordu finko bada urte osoan. Gehienetan Idoki etxe ekoizleak merkatu hauetan agertzen dira :

  • Miarritze – Bibi-beaurivage auzoguneko merkatua : bazko astelehenez
  • Donibane Garaziko feirak : ostegunetan udan.
  • Bastidako gauko merkatua : ostiraletan udan.
  • Asunak (laborantxa biologikoaren topaketak), Hazparne : irailean
  • Slow Food merkatua, Donibane Lohitzune : irailean
  • Pastore Lore, Azkaine : urrian (2. igandea)
  • Sagarraren besta, Hendaia : urria (3. igandean)  
  • Lurrama, Laborantza iraunkorraren Saloina, Miarritze : azaroan

Merkatu zerrenda hau ez da hortan mugatzen.