Berriak

IDOKI etxe ekoizleak Turineko Terra Madre topaketetan

 

Terra Madre topaketak irailaren 22-tik 26-era iragan dira Turinen. IDOKI etxe ekoizleak han izan dira delegatu bezala haien ekoizpenak aurkezteko.

Slow Food-ek topaketa hauek eta "Salone del Gusto" (Gustuaren Saloina) bi urtero antolatzen ditu Turinen. Mundu osoan egituratua den mugimendu honek, landare eta animalien bioaniztasunaren mantentzearen alde lan egiten du, elikaduraren eta ekoizpen ereduen estandardizazioaren joera orokorrari aurre eginez.

Jean-Michel Berho, ahate gibel gizen eta urinak egiten dituen IDOKI-ko etxe ekoizlearekin izan gira, Turinen pasa duen aste hau aipatzeko.

Gustuaren Saloina Turineko karriketan Turinen izan diren Euskal Herriko ekoizleak Bioaniztasunaren ilustrazioa: Sagarren adibidea  Christian Aguerrek zirkuitu laburren Basaburuko Saskia desmartxa aurkeztu duen konferentzia

 

Euskal Herriko beste ekoizle batzuekin Slow Foood mugimenduak Turinen antolatzen dituen Terra Madre topaketetan izan zarete. Zer da slow Food eta zein da topaketa hauen helburua?

Slow Food, Carlo Petrini  mundu osoan ezaguna den kazetari eta soziologo Italiarrak sortu duen mugimendua da. Mugimendu hori Europan  garatzen hasi ziren "fast-food"-ei (Mc Donald-en iritsiera masiboa besteak beste) aurre egiteko sortu zen. Tokiko animalia eta landareen bioaniztasuna eta haien lantzetik datorren sukaldea bultzatzen ditu, industrializazioaren eta ekoizpen sistemen eta elikadurara zuzendutako animalia eta landare espezien estandardizazioaren parean.

Zentzu horretan, tokiko espezieak barnebiltzen dituen "Gustuen Arka" deituriko datu basea sortu du. Arka horretako espezie batzuk Ekoizpen Sentinela bezala labelizatuak dira. Ekoizpen horiek araudi zorrotzak segitu behar dituzte ekoizpen prozesuan eta zainketa berezi bat egiten da haien inguruan, atxikiak izan daitezen eta ez daitezen elikaduraren estandardizazioaren ondorioz desagertu.

 

Bi urtean behin, Slow Food-ek Gustuaren Saloin handi bat antolatzen du Turinen bioaniztasun horri erakusleiho bat eskaintzeko. Saloin hori publiko zabal batengana iristeko antolatua da eta 100 000 bisitari baino gehiago izan ohi ditu.

Paraleloki, momentu eta leku berdinean, Terra Madre topaketak iragaiten dira. Topaketa hauek ere Slow Food-ek antolatzen ditu "Gustuaren komunitateak" deiturikoak bilduz. Komunitate hauek hein handi batean ekoizlez osatuak dira, baina baita ere sukaldariz eta elikaduraren alorrean lan egiten duten gaztez. Mundu osoko 120 herrietatik datozen 5000 eta 7000 pertsona artean izan ohi dira elikadurari loturiko gaien inguruko konferentziaz osatuak diren topaketa hauetan.

 

Aurtengo Gustuaren Saloineko gaia "Loving the Earth (Planeta maitatuz)" izan da. Zein da gai honekin mahaingaineratu nahi izan den ideia?

Nire ustez gai horrek Slow Food definitzen duen guztia jartzen du mahain gainean. Lurra maitatzea, ingurumenaren errespetuan egiten den elikadura ekoizpen bat eramaitea da, baliabide naturalak zaintzea. Manera naturalenean ekoiztean da gakoa, toki bakoitzeko berezitasunak kontuan hartu eta baliatuz. Hor da tokiko landare eta animalia espezieak baliatzearen interesa, haien ingurugiroari adaptatuak baitira eta beraz ez baitute produktu gehigarri edo ekoizpen eredu artifizialen beharrik.

Kontsumoaren izaera kontzientea ere bizizki garrantzitsua da. Kontsumitzailea ekoizpen sistemaren aktore zuzena da. Laborantza iraunkorra eta etxalde txikiak garatzen lagunduko dituzten zirkuitu laburrak hautatzen eta sistema industrialak baztertzen ahal ditu. Kontsumitzen dituen ekoizpenak ekoizteko ereduei interesatzen ahal da, gizakiaren eta ingurumenaren errespetua haien erdigunean kokatzen dutenak hautatzeko. Azkenik, beharrezkoa duena baino gehiago ez kontsumitzea erabaki dezake, xahutzea eta baliabide naturalen gehiegizko ustiatzea ekiditeko.

 

Euskal Herrian, Slow food-i estuki lotua den AMALUR kolektiboa dugu. Esplikatzen ahal diguzu nola sortu zen desmartxa hori eta zertan den gaur egun?

Tokiko ekoizpenak lantzen zituen Euskal Herriko ekoizle talde bat Turinera gonbidatua izan zen Terra Madre-ren bigarren edizioarentzat (2006) delegazio bezala (geroztik edizio bakoitzera gonbidatuak gira). Tokiko espeziekin lanean ari garen etxe ekoizleak izanki, gure burua guztiz Slow Food-en filosofian kokatzen dugu. 5.edizioaren ondotik eta topaketetan ikusitako guztiarekin, pixkanaka pixkanaka guk ere gure lurraldean babestu eta ezagutarazi behar genituen tokiko espezieak bagenituela ohartu ginen. Helburu horiek erdiesteko plantan eman behar ziren gauzen inguruan gogoetatzeko kolektiboki antolatzea erabaki dugu. Arrapitz elkartearen laguntzarekin AMALUR kolektiboa sortu dugu eta gure ekoizpenak Slow Food-en baitan ezagutarazteko lanetan hasi gira. Slow Food-eko lehendakari den Carlo Petrini Euskal Herrira etorri da eta gure 7 ekoizpen Ekoizpen Sentinela bezala labelizatu ditugu (Euskal Sagarnoa, Manex Buru Beltza bildotxa, Itsasuko Gerezia, Kintoa Euskal Xerria, Arto Gorria, Biper eztia eta bortuko ardi gasna) eta beste bi ekoizpen Gusten Arkan sartu (Kriaxeira ahatea eta Sasi ardia).

Gogoeta honek ekoizpen bakoitzaren inguruko lantaldeen egituratzea ekarri du. Ekoizpen bakoitza bere garapenaren inguruan eta publiko zabalarengan ezagutua izateko desmartxetan abiatzea ahalbidetu duen lehen harria izan da. Gaur egun AMALUR kolektiboa ez da hain aktiboa, lanaren gordina ekoizpen bakoitzak eramaiten baitu bere garapen desmartxetan. Baina dudarik gabe Euskal Herriari bereziak zaizkion ekoizpenen promozio kolektiborako tresna da eta izaiten segituko du.

 

 

Terra Madre 2016 topaketetan izan diren IDOKI etxe ekoizleak

Eyhartzea (Domezain): Ahatekia (gibel gizen eta urinak, gaintxigorrak,...) Xotildeia (Armendaritze):barazki biologikoak Haranea (Itsasu):Euskal Xerria, Ezpeletako Biperra eta oilasko eta arroltzeak

05.10.2016