Berriak

Xixtroak: Kalitatezko etxeko ekoizpenak Hazparneko lurraldean

 

 

Kalitate desmartxetan engaiaturiko sei etxe ekoizle haien ekoizpenak interneten bidez saltzeko elkartu dira: Xixtroak.

 

Denak Hazparne inguruetatik heldu dira (Hazparne, Aiherra, Heleta, Lekorne, Donamartiri) eta agorrilaren 30-az geroztik haien etxaldeetako ekoizpenak elgarrekin sortu eta kudeatzen duten webgune batetan proposatzen dituzte: www.xixtroak.com

"Xixtroak" taldearen izena bera ere, desmartxa honetan engaiatu diren ekoizleek biziarazi nahi duten lurraldetik heldu da. Garaian, asto bizkar gainean pausatuak garraiatzen ziren bi zareak deitzeko baliatzen zen hitza da. Garaiko ekoizleek, haien ekoizpenak garraiatu eta merkatuan edo etxez etxe saltzeko baliatzen zituzten. Tokiko laborantza biziarazten duen desmartxa horretan kokatzen da laborari taldea gaur egun ere. Espiritua berdina da, tresnak dira pixka bat aldatu.
 

Kalitate desmartxetan engaiatutako tokiko laborariekin lanean

Taldeko sei laborariak kalitate desmartxetan engaiatuak dira eta gehiengoak IDOKI, AOP Ossau Irati, AOC Kintoa edo Laborantza Biologikoaren ziurtagiria dute.

Ixuribeherea (Aiherra): Ahuntz gasna Bixartea (Aiherra): AOP Ossau Irati ardi gasna eta ardi gasna freskoa Esnekiak (Lekorne): behi esnekiak (gurina, krema, esne erdi gaingabetua, jogurtak, panacotta)

Panpi Goyty,Kimikorik gabeko barazkiak HeletanEmilie Rivest eta Filipe Haizaguerre, arroltze biologiko, bildoxkia eta aratxekia Donamartirin Jan-Mattit Bacardatz,oilasko, pintada eta ardiki biologikoa Hazparnen

 

Laborantza herrikoia bultzatzeko desmartxa bat

Laborantza iraunkorra eta honek berekin daramatzan baloreak Xixtroak-eko laborariek garaturiko proiektuaren muina dira.

Tresna honek, haien kalitatezko mozkinak lehengaietik salduko den ekoizpena arte lantzen dituzten etxe ekoizleak, zuzenki haiei manatua pasatzen dieten erosleekin harremanetan jartzen ditu.

Horrez gain, gaur egungo tresnei esker zirkuitu laburrak garatzeko borondateari hurbileko laborantza bultzatzeko xedea gehitzen zaio. Hain xuxen, sei ekoizleak Hazparne inguruetatik heldu dira eta sortu duten tresna lurralde horretako biztanleei zuzentzen zaie. Erosleek tokiko laborariei internet bidez haien ekoizpenak manatzen dizkiete, eta haien etxetik hurbil diren aitzinetik finkatutako leku eta orduetan berreskuratzen dituzte.

 

Manatu guztiak ostiralez banatuak dira. Behin zuen manatua Xixtroak webgunean egina duzuelarik, zuen ekoizpenak ondoko leku eta orduetan berreskuratzen ahalko dituzue:

- 12:00 - 12:45: Pignadas gunea, Hazparne

- 13:00 - 13:45: Hazparneko ezker pareta

- 14:00 - 14:45: Kanboko suhiltzaileen aparkalekua

- 15:15 - 16:15: Mendiko Borda gunea, Beskoitze

- 16:30 - 17:30: Hazparneko ezker pareta

- 17:45 - 18:30: Ixuribeherea etxaldea, Aiherra

- 18:00 - 18:45: Uhaldegaraia etxaldea, Lekorne

 

 

 

 

 

04.10.2016